Elkarrekin eraikitzen dugun ikastola
Seber Altube Ikastola familien, ikasleen eta profesionalen arteko elkarlanetik sortu eta hazitako hezkuntza-kooperatiba da. Parte-hartzea gure izaeraren eta funtzionamenduaren oinarrietako bat da; horregatik, komunitateko kide guztiek dute ikastolaren egunerokoan, erabakietan eta proiektuetan parte hartzeko aukera.
Gure helburua ez da soilik heztea, baizik eta ikastola elkarrekin eraikitzea, denon ekarpenak balioan jarriz eta komunitate sendo, aktibo eta konprometitua sustatuz. Gaur egun, 90 lagunetik gora ari dira modu egonkorrean parte hartzen ikastolako gune eta lantalde desberdinetan.
Klaustroa
Ikasleen ahotsa entzuteko eta kontuan hartzeko espazio propioa dugu. Ikasleen Batzordearen bidez, ikasleek euren iritziak, proposamenak eta kezkak partekatzeko aukera dute, ikastolako bizitzan modu aktiboan parte hartuz.
Parte-hartzea ikaskuntza ere bada. Horregatik, ikasleak txikitatik ohitzen dira erantzukizunak hartzera, elkarlanean aritzera eta komunitatearen parte sentitzera.
Ikasleen Batzordea
Ikasleen ahotsa entzuteko eta kontuan hartzeko espazio propioa dugu. Ikasleen Batzordearen bidez, ikasleek euren iritziak, proposamenak eta kezkak partekatzeko aukera dute, ikastolako bizitzan modu aktiboan parte hartuz.
Parte-hartzea ikaskuntza ere bada. Horregatik, ikasleak txikitatik ohitzen dira erantzukizunak hartzera, elkarlanean aritzera eta komunitatearen parte sentitzera.
Gure ikastola denon artean eraikitzen dugu.
Horregatik, parte hartzeko gogoa duten guztientzako ateak zabalik ditugu; izan ere, komunitate sendo baten indarra pertsona bakoitzaren ekarpen txikietan eraikitzen da.
Artezkaritza
Ikastolako Artezkaritza gurasoek osatzen dute, eta edozein kooperatibistak izan dezake juntakide izateko aukera. Juntakideak bi urterako aukeratzen dira; epe hori amaitzean, Asanbladari dagokio karguen berritzea eta hautagai berrien izendapena onartzea. Hautagaiak beren ekimenez aurkez daitezke, nahiz eta ikastolan duten inplikazioagatik, ibilbideagatik edo profilagatik beste kooperatibista batzuek proposatuak ere izan daitezkeen. Nolanahi ere, talde honen parte izateko, ezinbestekoa da hautagaiaren borondatea eta Asanbladaren onespena.
Artezkaritzaren egiteko nagusia ikastolaren eguneroko jardunari lotutako erabakiak hartzea da. Horretarako, Asanbladak adostutako irizpide eta erabakietan oinarritzen da, eta, horrela, ikastolaren kudeaketa kooperatibaren printzipio eta helburuekin bat datorrela bermatzen du. Era berean, ikastolaren eta kooperatibaren ordezkaritza-lanak ere bere gain hartzen ditu, Ikastolen Elkartean, Udaletxean eta beste erakunde eta eragile instituzional batzuetan. Eginkizun horiei behar bezalako jarraipena emateko eta ikastolaren eguneroko beharrei erantzuteko, Artezkaritzak hiru astetik behin egiten ditu bilerak.
Asanblada
Asanblada da ikastolako erabakigune nagusia eta, beraz, Seber Altubeko kooperatibaren parte-hartze eta erabaki kolektiborako gunea. Bertan hartzen dira ikastolaren etorkizunari begirako erabaki estrategikoak, baita arlo pedagogikoari eta ekonomikoari dagozkionak ere. Horregatik, Seber Altubeko kooperatista guztiak daude Asanbladan parte hartzera deituta, ikastolaren norabidean eta erabakietan beren ahotsa eta ekarpena izan dezaten. Oro har, ikasturtearen amaieran egiten da ohiko Asanblada, eta, ikastolaren beharrek hala eskatzen dutenean, ezohiko batzarrak ere deitu daitezke.
Deialdia behar besteko aurrerapenarekin helarazten zaie kooperatista guztiei, parte-hartzea ahalik eta zabalena izan dadin. Artezkaritzak prestatzen du gai-zerrenda eta deialdiarekin batera jakinarazten du; hala ere, kooperatista orok du proposamenak egiteko aukera. Horretarako, gai jakin bat Asanbladan lantzea nahi izanez gero, proposamena Artezkaritzara bidera daiteke, eta, gainera, batzarraren amaieran egiten den galdera eta erreguen tartean ere edozein kooperatistak nahi duen gaia planteatu dezake.

Lantaldeak / Batzordeak
Ikastolako bizitza aberasteko eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, hainbat lantalde eta batzorde ditugu martxan. Komunitateko kideek osatzen dituzte, eta bakoitzak bere ekarpena egiten du ikastolaren arlo desberdinetan.
- Seberbaz Euskara Lantaldea: Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ohiturak indartzeko sortutako lantaldea da. Ikastolan ez ezik, etxean, herrian, kirolean eta aisialdian ere euskaraz bizitzeko aukerak eta ekimenak bultzatzen ditu.
- Bizipoza Lantaldea: Ikastolako komunitatea elkartzen duten ekimenak eta ospakizunak antolatzen ditu. Jaialdiak, kultur jarduerak eta topaguneak sustatuz, ikastolako bizitza sozialari eta komunitate sentimenduari kolorea ematen dio.
- Guraso Ordezkariak: Familien eta ikastolaren arteko zubi lana egiten dute. Informazioa partekatu, proposamenak jaso eta etapa bakoitzeko familien parte-hartzea eta komunikazioa errazten dituzte.
- Jantoki Lantaldea: Jantoki proiektua etengabe hobetzeko lan egiten du, ikasleen elikadura, jateko ohiturak eta jantokiko esperientzia zainduz. Bertoko produktuen erabilera, komunitatearen ekarpenak eta hobekuntza proposamenak lantzen dira bertan.
- Auzolan Lantaldea: Auzolana gure kooperatibaren balio historikoetako bat da. Lantalde honek auzolan egunak antolatzen ditu eta ikastolako espazioak zaintzen eta hobetzen laguntzen du, komunitatearen indarra praktikara eramanez.
- Kirol Lantaldea: Ikastolako kirol proiektua indartu eta garatzea du helburu. Kirol eskaintzaren antolaketa, begiraleen koordinazioa eta aisialdian euskaraz eta naturaz gozatzeko ekimenak sustatzen ditu, beste eragileekin elkarlanean.








